SAN FRANSES XABIER

Pastorala

JUNES CASENAVE-HARIGILE

LEHEN PEREDIKÜA

1. Agur züer, jente honak;/ jin zirae bihoztoiki,
Egün algarreki jei bat / planta dezagün ederki.

2. Arren, aipatüko dügü / Frantses Xabierrekoa;
Misionist handiena da, / sortzez Eüskal Herrikoa.

3. Izan ziren bai aitaren / bai amaren gaintitik,
Nafarroko erregeen / mitil hobenetarik.

4. Sei aurride ziren etxen, / hiru alaba lehenik,
Herrokan hiru potiko, / hoietan Frantses azkenik.

5. Migelek eta Johanek / Nafarroak galdü züan
Borrokan parte hartü züen, / bai Noaien eta Amaian.

6. Gazte Pariserat joan zen / ikastaldien egitera.
Filosofia kursoen / trebatü zen emaitera.

7. Harremanetan sartü zen / Loiola Iñakireki,
Hareki ere hitzartü / bizitzera Jinkoareki.

8. Ari ziren nola heda / algarreki Berri Hona.
Frantses joanen zen, arren, / ahalik hürrünena.

9. Portugaleko errege / zen Joao hirugerrena.
Ageriak eman zeitzon / Indietarako baimena.

10. Paulo hirugerrena zen / ordüko Aita Saintüa.
Nuntzio Apostoliko / eskentü zeion kargüa.

11. Behar zelarik, ordüan, / handizkien aitzinean,
Ez züan ez ahalkerik / bi berme hoien agertzean.

12. Indiak joko zütüan, / itsasbazter, üharteak,
Japon herrian eginen / sinesdün ezagütüak.

13. Karrikak gainti bazoan, / goratik ari otoitzez;
Oihüz eta ere kantüz, / botz ozenez aranatzez.

14. Iragaiten zen günetan, / baziren ikusgarriak.
Hilak berpizten zütüan / eta sendotzen eriak.

15. Herri misteriotsü balde / ikusirik beitzen Xina,
Joan eta nahi zükean / han agertü Berri Hona.

16. Bena amets eder hori / ez züan behar bürütü.
Herriala hülantü zen, / eta ezin zen han sartü.

17. Frantses han berean hil zen, / gaitz handiak beitzüan jo,
Lüze lüzea etzanik, / begiak harat bürüz so.

18. Kümitatzen zütüegü, / gureki jarraik dezazüen
Frantses Xabierren bizia: / harrigarria izan zen.

Jelki Satan eta Belial zerbütxaria, eskelerak goiti, dantzan

Belial
19. Üngürükan ari zira, / Satan, zü ene nausia.
Arrenkürak badütüzü, / nahasi nahiz güziak.
Satan
20. Ene mitil maitea, / ez hiz ezjakinean,
Nafarroa jorik diagü / zapatürik zankapean.
Belial
21. Botzik zirade, ikusiz / Txaberria lehertüa.
Ata harroxka zütüzün, / goratüz beren bürüa.
Satan
22. Frantses, azken potikoa / ikusten diat oro bizi.
Ahatz dezagün oraiko, / emanez heben bi jauzi.

Dantza

1. Jelkaldia

Jelki Frantses,orano gazte, Maria ama, Maria, Madalen eta Aina arrebak, Migel eta Johane anaiak, esküin

Frantses
23. Hona, heben gira, ama, / algarreki gure etxen.
Aitareki dit gogoa: / errazüt orano nor zen.

Maria ama
24. Askitan erran deizüt bai, / ez zen ez nornahi aita,
Nafarroko erregeren / zerbütxari egon beita.
Maria alaba
25. Iruinean bizitzen niz, / Santa Grazi komentüan;
Barnen igaraiten dütüt / egünak otoitz kartsütan.
Madalena
26. Isabel erregiñaren / zerbütxüko niz orano.
Serora bat eginen düt / nik ere bizi nizano.

Maria ama
27. Botzik ikusten zütüet / Jinkoaren zerbütxüko,
Gühaurk eta mündüak / grazia nasai hartzeko.
Migel
28. Gü arbasoen ürratser / biak gütüzü jarraiki,
Zeren Nafarroa dügün / zerbütxatü arraheinki.
Johane
29. Noainen eta Amaian, / izan girade goitürik,
Libratü izan aitzin / itsuski mehatxatürik.
Aina
30. Gaztelütar basek gützaz / ez düe üken ürrikirik:
Txaberriko gaztelüa / ezarri düe aurritürik.
Frantses
31. Osaba Azpilkueta / jakitüs eta apez da:
Haren ondotik nahi niz / ni ere ebili jada.
Maria ama
32. Oraidanik behar düzü, / Biolenta ahizpareki,
Hortarako behar diren / zure ikasgeiak hasi.

Oro joan

2. Jelkaldia

Jelki Frantses, Maria ama, Migel, Johane, Marti Azpilkueta Jauregizar “doctor Nabarro, esküin

Frantses
33. Hona himeretzü urte / bertan eginen düdala;
Ikastera joanen nüzü / Pariseko hiriala.
Maria ama
34. Ez zütüt ez zü armadan / batere trebe ikusten;
Bena han ariko zira / behar bezala ikasten.
Marti Azpilkueta
35. Unibertsitate azkar / düzü Pariseko hori,
Hirutanogei kolejio / badüzü hiria gainti.
Frantses
36. Nahi dit hanitx ikasi / zü üdüri izateko.
Norat eramanen naüan / geroxeago ageriko.
Migel.
37 . Ahala beitük, behar dük / hürrün joan zientzian,
Ahatze gabe prefosta / hire ürratsak bizian.
Johane
38. Egonen nük nihaur etxen, / bizi dadin Txaberria;
Han ala heben badakiat / lana dükek ügaria.
Maria ama
39. Latia bai espainula / bai eta ere frantsesa,
Heben dütüzü ikasi: / hartzea düzü erresa.

Marti Azpilkueta
40. Hire ikastaldietan / han menpetüko dük greka,
Hartüko filosofia / bai eta matematika.
Frantses
41. Ama mintzoa, eüskara / haatik ez dit ahatzeko;
Oraiartino bezala / ükenen dit lagüntako.
Maria ama
42. Izan zite kirixti hon, / leial eta ere züzen.
Apeztü nahi beitzira / otoitz eginen dit heben.

Kanta: Gazteinitik joan nintzan

Gazteinitik joan nintzan,
Ütziz sorleküan
Oro, ama, aurrideak,
Üngüruko besteak;
Nigar egiten zeitan etxeak.

Entzüten nüan eüskara
Egünaz ardüra,
Ixiltüren zen jagoiti;
Beharrian zeitan ezti,
Haren eskaza nükean beti.

Egonen beitzait halere
Barnen betiere
Gogo bihotzen indarra,
Piztüko zait arteka sü garra.

Errepika

Ez dü bazterrik maitarzünak;
Argitzen deizgü ülünak,
Arrapizten ere egünak,
Hüilantzen ützi dütüganak.

3. Jelkaldia

Jelki Frantses eta Migel Landibar, esküin

Frantses
43. Egün ostegüna diagü; / goatzan bazter hoietarat,
Jauzka eta lasterkara, / hatsaldi baten hartzerat.
Landibar
44. Goizetik arratseala, / ari hiz beti ikasten;
Beharrik ere badakik / pausütto baten gozatzen.

Frantses
45. Aisa ari nizalakoz, / hartzen diat artexko zonbait;
Eta botzik nük hireki / nafartar lagün hon behait.
Landibar
46. Hire ikasgeietan hiz / oroen artean lehen;
Hala beita kiroletan, / ez haiteke egon barnen.
Frantses
47. Nausigoa üken berri nük: / ageriko orai zer egin.
Eüskaraz mintza gitean / algarreki behin behin.

Biak joan

4. Jelkaldia

Jelki Kotinho, Rey, Santonini, Dumoulin, eta lagünak, exker

Kotinho
48. Gogor diagü bizitzea, / ene adixkide honak:
Goizan goizik jeiki behar : / gero lehertürik lanak.
Rey
49. Halere baditiagü / txostakatzeko gure gaüak.
Entzünarazten ditiagü / goizealartino boirüak.
Santonini
50. Jokü eta edarriak / baditiagü nasaiki,
Bai gaü osoan ühatsez / egiten xanfart ederki.
Dumoulin
51. Halere aitor dezagün / heina gaintitzen dügüla,
Arduz asetzen beikira / eta badela neskatila.
Kotinho
52. Alagera eta botx, / Frantses gureki bizi dük,
Ez haatik gü üdüri; / harritürik bezala nük.

Oro joan

5. Jelkaldia

Jelki Petiri Fabre eta Frantses, esküin

Fabre
53. Frantses, gure bizitzea / dükezü orai goxoa,
Ikastetxe aipatüan / dükezü irakasgoa.

54. Beauvais etxean zirade, / arren, irakasle sartü;
Filosofia ikasi / eta düzü menperatü.
Frantses
55. Segürki gaitz izan düzü; / itsuskeria handian
Bizi dütüzü gazteak: / nola egon larderian!
Fabre
56. Hoien oroen erditan, / izan zirade bai xahü;
Jinkoari esker düzü / bide hona begiratü.
Frantses
57. Ebili nüzü ahalaz / Nafarroa bihotzean,
Amaren oritzapena / etxekiz barne barnean.
Fabre
58. Ber egongian gütüzü, / hor lan eta otoitzean;
Algar lagüntzea beno / zer da hobe bizitzean?

59. Orai berri nafartar bat / segür ez beita nornahi,
Baratü dit karriketan: / hau da Loiola Iñaki.
Frantses
60. Xabierrekoak bezala / dütüzü aitonen seme;
Iruinean zauritürik, / ez dizü ez jite eme.

Biak joan

6. Jelkaldia

Jelki Frantses eta Iñaki, esküin

Frantses
61. Hona ber egongian / bizi girela Parisen,
Nafarroan algar joka, / goxoki bakean heben.
Iñaki
62. Ordüan, mündu hau nizün / oso osoa gogoan;
Orai borrokazale niz / Jinkoaren Erreinuan.
Frantses
63. Nork erran liro nor zinen: / bizitze bai eta jauntsi
Arruntak hartü dütüzü, / hain zira behardün bizi.
Iñaki
64. Otoitz egin dit lüzaxko / mündütik hürrün Manresan,
Ikasgei ere Barkinon, / Alkalan bai Salamankan.

65. Eta Jinkoarenganat / hüilanago izateko,
Ebili nüzü Erroman, / Lür Saintüetara dit jo.
Frantses
66. Heben ebilten zirade / gazte hanitxen gidari,
Erien honarentako / ospitaletan ari.

67. Urte horien lüzean, / egin ditit ikasgeiak;
Badit nik beste asmorik / Nafarroan betegeiak.

68. Ene osaba maiteak, / Ramiro Goinik ditazü,
Kalunje ofizioa/ Iruinean antolatü.
Iñaki
69. Zertako mündü osoa / gizonak behar dü bildü,
Artean bere arima / ezinbestez galtzen badü?
Sar aingürüak, kanta

70. Iñaki, güdü berria / beitüzü jada haütatü,
Jinkoak nahi zütü bai / güdari bezala hartü.

71. Frantses, mündü lohitsütik / zaintü beitzütü Jinkoak,
Sineste xüxenez, otoi, / har Iñakiren galtoak.

Frantses
72. Madalen ene arreba / jakin düt hil berri dela;
Egiazki sainta bat zen: / ber bidean jar nadila.

73. Zure lagünetarik bat, / arren, nahi nüzü izan,
Zureki Jinkoarentzat / egin dezadan hanitx lan.

Oro joan

Kanta Jesüs düt errege

Jesüs düt errege gidari;
Nik hura bera aitzindari,
Hartü beinaü haren güdari.
Egiten düt borroka gaitza,
Errausten beita mündü latza
Eta iharrausten bihotza.

Ohiltzen düt ezinbestea
Eta zapatzen herabea,
Sor dadin bizitze betea,
Arpa ere libertatea.
Bürütürik egitatea,
Zohardi düt begitartea.

Zerbütxatzen düt ene Jauna,
Zor beiteiot apaltarzüna,
Goresten kantüko lagüna,
Planta dadin züzentarzüna,
Heda Jaunaren Berri Hona,
Nausi orotan maitarzüna.

7. Jelkaldia

Jelki Frantses, Iñaki, Pierra Fabre apeza, Diego Lainez, Simon Rodriguez, Nikolas Bobadilla, Alfonso Salmeron, esküin

Frantses
74 Heben girade, Parisen,/ Martirium otoizgian,
Algarrekilan bildürik,/ Jinkoari eman nahian.
Iñaki
75 Jinkoa bera jakile,/ eta hebenko martirrak,
Orok batetara bil / ditzagün gure indarrak.
Diego Lainez
76 Eta zü bezala, Pierra,/ gü gira apeztü nahi;
Zeren Jinkoaren deiak/ beikütü güziak hunki.
Rodriguez
77 Hola gütarik bakoitxa/ eta oro algarreki,
Izanen gütüzü, arren,/ Jinkoarenak osoki.
Bobadilla
78 Zeren badügün gühaurtan/ Berri Honaren axola,
Apeztü eta hobeki/ horri lotüko girela.
Salmeron
79 Egün ospatzen beitügü/ Maria agorrilakoa,
Emanen deigü segürki/ bere lagüngoa osoa.

80 Mariaren arabera,/ Jinkoak nahi düana
Gük ere beteko dügü/ aitortüz apaltarzüna.
Iñaki
81 Arren, heben algarreki,/ egin ditzagün botoak,
Ez beiteikü hüts eginen/ Jinkoaren lagüngoak.
Güziak, belariko
82 Gure behartsütarzüna/ bai garbitarzün osoa
Eta obedientzia/ üzten deitzügü, Jinkoa.

83 Lehen bai lehen/ goatzan Jerusalemera,
Paganoen salbatzeko/ biziaren emaitera.
Oro xütik
Frantses
84 Zer zorihona gü beitan:/ emanik gira Jinkoari.
Orozbatkoz har gitzala/ denak haren zerbütxari.

85 Hogeita hamar egünez,/egonen niz otoitzean,
Ariketetarik landa/ sartzeko ene lanean.

Oro joan

8. Jelkaldia

Jelki Manuela, Luisa, Felixiana, Isabela eta lagünak, exker

Manuela
86. Ikusi ote düzüe / Benisa hiria gainti,
Eskale itsusi balde, / gizon arrotz saldo hori?

Luisa
87. Güdükan hasi dirade / Espaina eta Frantzia.
Hortakoz ihes bezala/ ützi düe Paris hiria.
Felixiana
88. Pilta txarrean dabiltza, / ospitalean lanean,
Aita Saintüak jakinik / bai apeztekotanean.
Manuela
89. Zer gizon esdeüsak diren, / amets hüts asmazaleak,
Lür Saintüetarat dira / planta txar hortan joaileak.
Isabela
90. Bazüen hor lagüntto bat / hoieki beita bizitü;
Fede ükazale dütü / orai itsuski salatü.

Oro joan

9. Jelkaldia

Jelki Frantses eta Iñaki, esküin

Iñaki
91. Algarreki bizi gira: / egin dügü anaidia.
Izen bat ükenen dügü: / hau : “Jesüsen Konpainia”.

92. Zeren eta nahi giren / izan Jesüsen güdari,
Hura bera beitügü / gü güzien aitzindari.
Frantses
93. Gure berezgoa hau da: / laugerren boto bat hartüz,
Aita Saintüaren peko / gira jarten zerbütxatüz.
Iñaki
94. Portugaleko errege / Joao hirugerrenak
Indialat nahi dütü / igorri misionistak.
Frantses
95. Nahi düzü joan nadin: / hori da ene ametsa.
Berri Honarentako han / emanen dit ene hatsa.
Iñaki
96. Aita Saintüaren manüz, / biga joanen zirae, arren,
Simon Rodrigez eta zü./ abia lehen bai lehen.
Frantses
97. Maskareinas Portugale / Herriko anbasadür da.
Lisbonerat nabil bihar, / bera harat joaiten beita.

Biak joan

Kanta Eder da adixkidantza

Eder da adixkidantza;
Bizitzean zer lagüntza,
Balio handiko emaitza!
Ekarten dü indar gaitza,
Hartzaz bizi beita bihotza.

Izatean oro dirade
Bata bestearen aurride.
Güzietan hola beude!
Hentako ez da debalde.
Bena segürrean daude.

Ixilean, ez herosti,
Üken beza ele ezti
Nahigabean denak, beti.
Izan bedi, arren, xüti
Bidean dena beldürti.

Azkar alkartazünean,
Güzien maitarzünean,
Baudeki beharrünean,
Bizi gitean heinean,
Bai eta zorihonean.

1O. Jelkaldia

Jelki Frantses,JoaoIII. Portugaleko errege, Katalina erregiña, Maskareinas anbasadüra, Marti Nabarro de Azpilkueta, esküin

Joao III.
98. Arren honartü düzüe / egin deizüedan galtoa.
Indian misionea da, / nik uste, beharrezkoa.
Frantses
99. Iñaki eta lagünek / ontsa ikusten dizügü
Hankoek behar düela / Berri Hona ezagütü.
Katalina
100. Hanko Portügesak berak / fedetik dira hürrüntzen.
Lagüntüko dütüzüe / fede osoan bizitzen.
Nabarro
101. Hein bat gazte niz orano; / züekilan nahi niz joan,
Nik Berri Honarentako / bizia eman dezadan.
Joao III.
102. Ez, ez, Marti, holakorik; / egon zite Portugalen,
Hor, unibertsitatean, / zü, Koinbran irakasten.

Frantses
103. Bai, osaba, hola egin; / badüzü jakitatea.
Europan ezagütüa, / hor zure eginbidea.
Maskareinas
104. Regimini militantis / Ecclesiae agertüz,
Erroman Aita Saintüa / hersatzen da züer bürüz

105. Den bezala dü honartzen / hor Jesüsen Konpainia,
Azkarki ozkatzen beitü / züen izate berezia.
Frantses
106 . Bakean bai boztarioan / misionetarat banoa.
Kargü handia eman deit : Nuntzio Apostolikoa.
Katalina
107. Anartean, orai, arren, / emanen deigüzü meza,
Gure artean Jinkoak / jar dezan bere egoitza.
Frantses
108. Bai eta harat joan aitzin, / ütz nezazüe, otoi, heben,
Ekar dizaedan erier / ahalaz zerbait gozamen.

Oro joan

11. Jelkaldia

Jelki Frantses, Paule Kamerte, Mansillas, Saraiva sendagilea, Alfonso de Suza gobernadorea, esküin

Frantses
109. Ützi gütü Sokotorran / bai Santiago untziak;
Hor kirixtiak beitira / botzik girade güziak.

110. San Tomasek zeien hoier / oihüstatü Berri Hona;
Apezik ez düelakoz / galdü düe irakaspena.
Kamerte
111. Zük, dütüzü, arren, Frantses, / gehitüak bateiatü,
Bai eta seme alabak / kirixtigoaz argitü.
Mansillas
112. Itsasos itsaso gira / hameka hilabete hontan;
Heben egonen girade / aizea jeiki artean.
Saraiva
113. Frantses, honki hanitx düzü / zük egin ixil ixila.
Sakramentüak emanez, / orotan erien bila.
Frantses
114. Lautanogei bidaide hil : / horra non den ene mina;
Bena Mansillas, Kamertek / ebaki düe beren lana.
De Suza
115. Ordü datekeanean, / joanen gira Goarat,
Kulan untziaren barnen / goxoki heltzeko harat.

Frantses
116. Hebenko kirixti horik / apez gabe beitirade,
Horieki egoitea / ez zait itsusi batere.
De Suza
117. Ez ahatz: Indian düzü, / zük, zure egitekoa,
Izentatürik beitzira / Nuntzio Apostolikoa.

Oro joan

12. Jelkaldia

Jelki Tukaran, Baken, Kabiju, Laidan, Piratal bramanak, exker

Tukaran
117. Frantses deitü gizontto bat, / gure bazterrak harrotüz,
Jin ziguk pilta txarrean, / oro bereganat deitüz.
Baken
118. Güzier salatzen diek / ütz ditzaen jinkoaizünak.
Gük hoietan ditiagü, / aldiz, gure hontarzünak.
Kabiju
119. Ordüan, iratzarririk / egon behar diagü orai;
Bizipide hori galdüz, / nola ginateke bizi?
Labidan
120. Ezdeüs ezjakin elibat / gütük, haren arabera;
Ata üsnatzen diagü / non den zerbaiten beharra.

121. Amets, eritarzün ala / zernahi gaüzarentako,
Jiten dük jente gügana / argi baten ükeiteko.
Piradal
122. Ez gütük ez gü batere / jente arruntak bezala;
Eta ez dik honartzen / gü handiago girela.

Oro joan

Kanta tzakürrak üsnatzen

Tzakürrak üsnatzen dü ihizearen herexa.
Gaixtoa goaitan dago noiz ttipiari elk hatsa.
Horrek egarten badü biziko zeinaren mentsa,
Berartan egiten dü zorihonaren ametsa.
Hobeki gaintitzeko haidürü dü aberatsa.

Honek bere bürüa asmatzen dü handiago.
Ahülaren joiteko bihotza dü idorrago.
Ogen egiten deio agertüz txit gogorrago,
Üdüriarazteko beti dela beharrago.
Aisago lehertzen dü nor ere den ttipiago.

Arren, bere bidean gogoan dü tzarkeria.
Baliatzen dü ere handizki bortizkeria,
Bildü düan llagoan sorraraziz lotseria.
Hanitx gustatzen zaio bestearen leherkeria.
Bere helbürüa dü orozgain likiskeria.

13. Jelkaldia
Jelki Gaspar eta Manuel diakreak, Denisa, Diego Fernandez, Kuadros, Agosti Dina, Madalina Baz, Antonio de Miranda, esküin

Denisa
123. Gure artean badügü / segürki apez saintüa,
Eni oritarazten deit / ja Paule Apostolüa.

124 Punikalen, ama bati, / haur ükeiteala gaizki
Hiltzeko menean beitzen, / eman diozü osagarri.
Gaspar
125. Bai eta herrokan ere / haurra han berean sortü,
Bere gasailas beikütü / gü oro boztariatü.
Manuel
126. Ama kirixti egin da, / kartsütarzünean bizi,
Bere familia osoak / Jinko Jaunean sinetsi.
Diego Fernandez
127. Gizon bat ehortzi düe / Benibarreko elizan;
Hil hobia zabal dezaen / galtegiten dü ordüan

128. Otoitz egiten hasten da, / hila jeikitzen zilotik;
Izan dira paganoak / han arrunt bateiatürik
Kuadros
129. Ahamen baten jateko / ez dü artexkot bat hartzen,
Karrikak gainti haurreki / badoa otoitz egiten.
Madalin Baz
130. Nahi günüan seme bat / hiru alaba ükenik;
Ene senarrak joan eta / galtegin zeion apalik.

131 Erran zeion irakurtez / Ebenjelioko puxkak;
Hiru seme üken eta / zor deitzogü esker honak.
Antonio de Miranda
132. Lagün bat eta nihaur / süge batek usukirik,
Tüz zankoak busti deizgü; / izan gira sendotürik.
Agosti Dina
133. Herriak traukatü dütü: / Perumanel, Alendale,
Tilai, Birandapatanam, / Tutikorin, Punikale.

134. Konbuture eta Trikalur, / Palaia Kaial, Manapar,
Maiapatanam, Lebadi, / Tirixendur, Banbar, Baipar.
Oro joan

15. Jelkaldia

Jelki Frantses, Mansillas, Manuel Santa Cruz, Rodrigo, Antonio eta Mateo ützülariak, esküin

Frantses
135. Santa Fe kolegioa düt / bostehün ikasleeki,
Goan ützi indarrean; / botzik niz, arren, züeki.

136. Gaixo Mansillas lagüna, / lan gaitza düzü egiten:
Bateü eta ehorzte, / otoitzeak irakasten.
Mansillas
137. Ari niz ahal bezala, / zure aholküer beiniz
Arraheinki jarraikitzen, / nola zü ere ikusiz.
Rodrigo
138. Ez düzü ez batere gaitz / zurekilan aritzea,
Zeren eta aisa zaigün, / beti zure lagüntzea.
Antonio
139. Gük ützültzen ditizügü / erran behar dütüzünak,
Zure otoitzeak ere, / argi dezan Berri Honak.
Mateo
140. Nola ez egin nik hori; / eman deitazü diharü,
Aitak bai eta arrebak / zorrer egin lezaen bürü.
Frantses
141. Ene mintzoa izan da / sortzetik eüskara;
Güziak beren mintzoan / deitzen dütüt otoiztera.
Santa Cruz
142. Ni, parabar niz; züeki / ikasi düt nor den Jauna;
Haren zerbütxüko, orai / ezarten düt hontarzüna.

143. Nahi nüke eliza bat / Jinko Jaunari eraiki,
Lagüngoa ere eman / han hor behardün denari.
Frantses
144. Bai ahalen arabera / ari dadila bakoitxa,
Dener pitzaraz dezagün / galdü düen esperantxa.

145. Mansillas, zü egon heben / arrantzale erieki;
Komorinerat banoa / beste lagün zonbaiteki.

Oro joan

14. Jelkaldia

Jelki Bartrame, Obapar eta parabarrak lagünak , esküin. Betermal, Alental, Barperu, Barapani eta badagar etsaiak, exker

Betermal
146. Non dira parabar horik, / oro beitirade lotsor?
Egün jakinen düzüe / gü, aldiz, zoin giren gogor.
Bartrame
147. Ikusten zütüegü hor / heltürik indar gaitzean;
Parabarrak dütüzüe / ezintürik aitzinean.
Alental
148. Halere bizi zirae / harrokeriaz beterik,
Ustez eta portugesek / orotan ontsa zaintürik.
Obapar
149. Züer arma emailea / düzüe Kosme de Paiba;
Maltzurkeriaz zirae / jin gure ezabatzera.
Barperu
150. Oro zütüegü, arren, / hebentxe puxkakatüko;
Hor ziraenetarik ez da / bakoitxik bizi elkiko.

Egin güdüka. Badagar bat eho. Bi parabar eho, besteak zauritürik txainküka ihes joan

Barapani mintza
151. Eta arrunt joko dügü / Frantses, kirixti apeza,
Zeren eta heben gainti, / hartü beitü ahal gaitza.

Oro joan. Parabar hilak eraman. Satanek badagar hila ziloalat urtuk

Kanta Soegizü hüilan

Soegizü hüilan eta hürrün,
Zer izan den atzo eta egün,
Nola jorik den zoinahi lagün.
Zanpatzen dü bortizkeriak ,
Ikararazten lotseriak,
Ezintützen izikeriak.

Bere bürüa hain beitü ahül,
Ezin da ihorat ere ützül.
Zentzürik ez dü haren biziak.
Noratnahi lanta ditzan begiak,
Nausitü da ezdeüskeria,
Eta ere galdükeria.

Behar beitü indar eta argi,
Hortik elkitzeko bürüzagi,
Nola mina düan handiegi,
Ager bedi bihotz zühürra
Eta sartü gabe südürra,
Ezti bizao bere beldürra.

16. Jelkaldia

Jelki Frantses, Junes de Eiro, Junes Araio merkataria, Fausto Rodriguez, Junes Raposo, Manuel haurra, esküin
de Eiro
152. Santa Tomen egon eta / ützi dügü Meliapar
Eta Makala hirian, / berriz hartü dügü indar.

153. Sei mila beno haboro / kilometra egin eta
Hiru hilabetez nonbait, / orai Anboinan gira.
Frantses
154. Harritürik nago heben : / beita orano kirixti;
Ez düela apezik üken / badü bai hein bat aspaldi.

155. Mahometanoen lotsaz / barnen dira kirixtiak;
Ez dü batere mügarik / horien gaixtokeriak.
Manuel
156. Botzik lagüntüko zütüt / kürütxea esküetan,
Jenteak, zü entzün eta / elk ditean karriketan.
Frantses
157. Zure lagüntzareki bai / ditit oro argitüko
Eta ontsa ikasirik / herrokan bateiatüko.
Raposo
158. Basakeriaz beterik / da Zerameko ühartea
Eta Nusalautekoa / hor beita jentejalea.
Rodriguez
159. Kürütxea galdü düzü / atzo harat joaitean,
Builta bat egon zirade / hari so, ezinbestean.
Frantses
160. Egün, haatik, zor dütüt / esker honak Jinkoari,
Itsas bazterreala beitü / akamarro batek elki.

161. Soldado, itsastürüak / jo dütü üzürriteak;
Gü, arren, izan gitean / horien sendozaleak.

162. Araio, zük düzü, nasai, / jateko bai edateko;
Heltüra ekar izaezü / amiñi bat pixkortzeko.
Araio
163. Ene hontarzüna dit hor, / zeren bizi behar düdan;
Ardu ekarriko deiet / txortaini bat dezaen edan.
Frantses
164. Eiro, egon zite heben / zü, katixima egile,
Kosme de Torres, apeza, / sakramentü emaile.

Oro joan

17. Jelkaldia

Jelki Niaxile Pakaraja Ternateko erregiña, don Manuel semea, Jordan de Freitas gobernadorea eta lagünak, esküin. Hairun errege nahi, Junes de Kastro, Bernardino de Suza, esker

Hairun
165. Niaxile Pakaraja, / zü Ternaten erregiña;
Nola dü emazte batek / herri baten aski griña.

166. Hebentik harat nik dütüt / hartzen herriko giderak.
Bazterrak, arren iharraus, / har zitzan zü dardarak.
Niaxile
167. Ez dit nik indarrez hartü / betatzen düdan kargüa,
Herritarrek beiteitae / orotan eman esküa.
De Freitas
168. Hortakoz hor egon zite: / ihork ez zitzake aiza;
Züek düzüe herrian / sarrarazten gerla latza.
De Kastro
169. Herriarentako Hairun / dikeiagü hoberena,
Berantü gabe errege / gük ezarriko dügüna.
Don Manuel
170. Ez zütüegü ütziko / itsuskeria egiten
Eta arruntaz hebentik / indar oroz ohiltüren.
Bernardino
171. Gizonak, tziauzte eneki: / jo ditzagün orozbatkoz;
Gure bixtatik oro ken; / lurpean itzazüe ehortz.

Borroka. Niaxile eta lagünak ihes joan

Kanta Bizi gira algarreki

Bizi gira algarreki mundü hontan güziak.
Bena ez gütü ez bardin erabilten biziak.
Eta hortzaz ohartzeko zabal zure begiak,
Ederki distira dezan bihotzaren argiak.

Beharrünean denari ekar zure lagüntza
Eta haren ürgaizteko herexa zure hatza,
Honki egitea dadin zütan lehenik mintza,
Orotan sorrarazteko beti adixkidantza.

Ez dü balio joaitea zure kantütik hürrün,
Zure ondoan beitago norbait haidürü lagün.
Ekar izaozü bai, arren, egiazko hontarzün:
Ez zazüla, otoi, berant, heltüra egin egün.

18. Jelkaldia

Jelki Frantses, Kosme de Torres Jesuita, Junes Fernandez fraidea, Iagiro japonesa bi lagüneki, Leu xinatar langilea, esküin

Iagiro
172. Egün ikusten naüzüe / gaintika boztarioan,
Goako gotzainak beiteit / bateüko hura eman.
Frantses
173. Berantü gabe zureki / bagoatzü Japoniarat,
Han ere Berri Honaren / lehentze oihüstatzerat.
Iagiro
174. Jinkoak maite üken naü / ni hanko lehen kirixti;
Jarri naü zure bidean / zure lagüntzeko beti.
De Torres
175. Malaka herritik naüzü / zurekilan jinarazi;
Ihon lüzaz egon gabe / bagoatzü herriz herri.
Junes Fernandez
176. Orotan Berri Honaren / oihüstatzekotanean,
Jondane Paule taigabe / bazoan ezinegonean.
Leu
177. Ni xinatarra izanik, / Xina dit, arren, gogoan;
Noiz otean Berri Hona / entzünik izanen da han?
Iagiro
178. Ene herritarrak dira / oso zühürtzeaz gose;
Galto hanitx egiteko / ez dütüzü ez ahalke.

179. Zure hitzak ez ditizüe / ütziko ikertü gabe,
Hoien arabera denez /egiten düzüna ere.
Frantses
180. Konpainiako lagünek / eginen düe Goan lan,
Bai kirixtien artean / eta ikstegietan.

181. Gü abiatüko gira / alor berri ikertzera,
Japonia ere bildüz / Jinkoaren maitatzera.

Oro joan

19. Jelkaldia

Jelki Frantses, Ximetsu Takaira, Migel, Iagiro, Nintxit bozua, Ixiku anderea

Iagiro
182. Japonian gira, arren, / bide lüze bat eginik;
Eta botzik niz ikusiz / eneak kirixtitürik.
Frantses
183. Eta beste hanitx ere, / zure lana baliatüz,
Güzier japonieraz / Berri Hona oihüstatüz.
Nintxit
184. Ni ja gure tenploetan, / egün güziez bi aldiz,
Gogo bihotzak hunkirik, / zuri beha egoiten niz.
Iagiro
185. Baita karriketan ere / atetzen zaizü jentea,
Xoratürik entzün nahiz / hüilantik zure elea.
Frantses
186. Etsaiak ere hor dira, / bozuak, traba eginez;
Hirotü tzarrak dirade / jentea lehertüz, zinez.
Nintxit
187. Bai bozu horik dütüzü / maltzurkeriaz beterik;
Diharü, txostaka, jauntsi, / ez düe ez deüs eskazik.
Ximetsu
188. Aipatü deigüzün hori / züentako da Berri Hona;
Bai guretako berri da / düzüen irakaspena.
Frantses
189. Nik hanitx eskertzen zütüt, / zure lagüngoarengatik;
Zuri esker karriketan / gure botza da entzünik.
Ixiku
190. Ni orai kirixti beiniz / nitan badüt boztario;
Etxekoak ere hala: / zer, arren, galta haboro?
Frantses
191. Hau da hatsarre bat hona / Japonia erreinuan;
Azia arpatüko da, / bildüko üzta geroan.

192. Kiotora banoazü / enpeadorearengana;
Berantzen zait ikustea / aipatzeko Berri Hona.

193. Migel, heben üzten zütüt: / arta alkarte berria;
Zure eskü dago, orai, / Kagoximako herria.
Migel
194. Zure aholküer esker, / indar nezala Jinkoak:
Nasaiki emaiten dütü / beti bere lagüngoak.

195. Axola handiareki / begiratzen dit itxüra,
Prefosta Mariarena, / zük eman deitazün hura.

Oro joan

Jelki Satan eta Belial zerbütxaria

Satan
196. Frantsesek ikusi ahal/ ez dik enperadorea;
Harengana hüilantzeko / egin dik bide lüzea.
Belial
197.Behaztopü sortü dügü: / bere jauntsi ürratüak,
Eta batzarri gaixtoa, / nausi ürgüilüz hantüak

Satan
198. Bozuak etsai izanik, / debrü horrek heben gainti
Kausitü dik egitea / nonbait bostehün kirixti.

Dantza, joan

Sar aingürüak, kanta

199.Eman deitzü ageriak / Portugaleko erregek;
Nuntzio Apostoliko / zütüe beste apezek.

200. Daimio Ioxitaka da / zure alte arrunt jarri;
Fedearen hedatzeko / izan da pizgarri.

201. Jinkoaren aitzinean / güziak dira bardinak,
Ttipi ala handienak / maite maiteak eginak.

Joan

Kanta zorihonaren ondotik

Zorihonaren ondotik
Gabiltza beti,
Nola ülünpeetarik
Bil ote argi,
Gure akodiñetarik
Gitean jalgi.

Bazter ützi eta herra
Ezar züzena.
Hürrünt ditzagün okerra
Eta auhena.
Gaitzez balin bada leherra,
Pitz maitarzüna.

Sor beza amets geroko
Hire bihotzak.
Ezbaia ororen kentzeko
Gogoa harzak.
Ohilt ezak ogen oro,
Elk bide beltzak.

20. Jelkaldia

Jelki Frantses, Norohira, Gaspar Barzeo, esküin

Norohira
202. Xinan ere nahi zünüke / Berri Hona oihüstatü;
Sanzian üharteala / beharko zaizü hüilantü.
Gaspar Barzeo
203. Erretor nizate Goan / zük galtegin bezala;
Badakit zure otoitzen / lagüngoa badükedala.
Frantses
204. Oraidanik güzietan / eskü honetan da lana;
Orai Xinalat joaitea / dit arrenküra lehena.

Oro joan

21. Jelkaldia

Jelki Jorge Alvarez, Diego Vaz de Aragon sendagilea, Pedro Lopez ützülaria, esküin

Jorge Alvarez
205. Bi hilabete et’erdi / badizü heben girela,
Haidürü nola otean / sartüko giren Xinala.
Pedro Lopez
206. Bena xinatarrak dira / jente ezinago gaitzak;
Preso giltzatü dütüe / harat joan portugesak.
Vaz de Aragon
207. ütz ditzagün gure ametsak / zeren Frantses gaizki dago;
Algarreki ginelarik / sükarrak hartü dü atzo.

Lagünek ekar Frantses hagetan etzanik eta ezar erditan.

Sar aingürüak, kanta

208. Frantses hona azkenekoz / eküratürik zirela;
Eri hanitx artatürik, / hor zira ixil ixila.

209. Egin düzü otoitz franko, / bateiatü, kofesatü,
Orotan bazterrak gainti / Berri Hona oihüstatü.

210. Ez zitzala ülünak jo: / izan zite alagera.
Jinkoaren argiala / bazoaza kantatzera.

Frantses belariko jar, kanta

211. Jinko Jauna, hasi nintzan, / Nafarroko sorterrian,
Barnatik zure maitatzen, / aurride, amarekilan.

212. Orai ürrikal zakitzat / Jesüs Dabiden Semea;
Zure ondotik hartü dit / Berri Honaren bidea.

213. Zelüko ama maitea, / ene ürratsen lagüna,
Nitzaz orai orit zite / jin beitzait azken orena.

Hil; eraman

Kanta Frantses orozgain

Frantses, orozgain zinen nafartar,
Eta bihotz barnez Xabiertar,
Eüskararentako sü eta gar.
Hoietan zünüan biltzen indar.

Hoien hobeki zerbütxatzeko,
Arren, zünüan, gazte orano,
Herrisbestetzea haütatüko,
Ikasgei handien egiteko.

Han behar zünüan kanbiatü!:
Nafartar bat zünüan baratü,
Iñakireki bidea hartü,
Jinkoaren mitil bilakatü.

Hürrünealat joaiteko deia
Entzünik, eman zünüan baia.
Handi izan zen zure lehia,
Prest, behar bazen ützi bizia.

Gero herri arrotz basak gainti,
Itsas eta lürrak ziren beti
Zure bideetan hersiegi,
Ez beitzinen segür herabezti.

Zühaurk, egün osoan ez janik,
Gaüaz ere logabe egonik,
Eta otoitze lüze eginik,
Besteek ez lezaen üken minik.

Karrikan zindoan oihüstatüz,
Bizi berri bat har lezaen galtatüz,
Gehitü eta haur bateiatüz,
Milaka jenteak kirixtitüz.

Zütarik hürrün berezkeriak,
Maite maite züntüan ttipiak,
Ez nahiago handi mandiak,
Hoier erranez beren egiak.

Azkenean, indar gabetürik,
Bai eta goihantzala heltürik,
Azken ametsak ez bürütürik,
Hil zinen lana ez ürrentürik.

Azken perediküa

214. Frantses hartürik zagon / Jinkoaren maitarzünak;
Bihotz barnean zütüan / bere kantüko lagünak.

215. Hortakoz traukatü dütü / itsas, herri, üharteak;
Milaka eta milaka / igaran dütü bideak.

216. Taigabe gogoan züan / Jinkoaren Berri Hona;
Hartan biltzen züan indar, / aitortüz bere ezina.

217. Arren, otoiz eta otoitz / ari zen gaü eta egün;
Jinkoaren aitzinean / belariko zen behardün.

218. Güzier galtatzen züan / zinez maite litzaen besteak,
Eta bestalde hoietzaz / maitatürik izateak.

219. Hil zelarik, bazütüan / berrogei eta sei urteak;
Bena ikusi dügünaz / zoin ederki beteak.

220. Hil eta haren korpitzak / ez dü üken sokidüra;
Geroxe eman zeioen / “Goako Jaun” deitüra.

221. Aita Saintüek jarri düe / saintü handien erditan,
Patru eta printze ere / gerostik sail zonbaitetan.

222. Frantsesen bizi llabürrak egin dü bide lüzea.
Botzik deizüegü üzten / hari lotzeko gosea.

Bibliografia
Bi saindu heskualdunen bizia, Frantzizko Lapitz, scj, Lamaignerie alharguna imprimeria, Baiona 1867.
Les Paroisses du Pays Basque pendant la période révolutionnaire P. Haristoy , Pau, 1899.
Saint François de Xavier, sa vie et ses lettres P. J. Léonard-Marie Cros, s.j. Paris, Toulouse, 1900, bi ale.
L’émigation basque, Pierre Lhande, s.j., Paris, nouvelle librairie nationale, 1910.
St. François Xavier, André Bellesort, Perrin, 1923.
L’héroïque aventure de St. François Xavier, G.H. 1952.
St. François Xavier, James Brodwick, Spes Paris, 1954
La lengua vernàcula de San Francisco Javier, Boletin de R.S. Vascongada de Amigos de Pais, 1961, p. 119-144.
San Frantses Jatsukoa, P. Arradoy, Izarra, Peña eta Goñi 13, San Sebastian, 1966
Francisco Javier; su vida y su tiempo, Schurhammer George, Ediciones Mensajero, Bilbao, 1969.
L’âme Basque, Roland Moreau, Ulisse Editions, 2ème édition, 1981.
Jésuites, I. Les conquérants, Jean Lacouture, Le Seuil, 1991.
St. François Xavier, Itinéraire mystique de l’apôtre, de Brouwer, 1993.
San Francisco Javier, José Maria Recondo, BAC Biografias, Madrid, 1999.