2006ko Martxoaren 12an JATSUN SAN FRANTSES BERE 500. URTEBURUKARI

Iragan da aurtengo San Frantsesen beila, zerbait gehiagorekin aldi huntan, urte hau 500garrena denaz geroz Frantses Xabierren sortu zela. Xuxena oroitaraziz hemen nola ez erran 1506ko apirilaren 7an sortu zela Frantses Xabierren, aitaren izena zuelarik Juan Jatsuko eta arbasoak horgo Laskorrekoak, ama aldiz Azpilkuetako Maria Baztanen. 19 urtetan Parisen ikasle, han sortu zuten Inazio Loiola eta zazpiek Jesusen Lagundia eta gero laster apeztu ziren beren egiteari lotzeko, Frantsesek Japoniaraino berea.
Jatsuko herriak beti San Frantses Jatsukoa deitzen duena ez dauka segur ahanztekoa urte guziz martxoan egiten dion beila ederrarekin. Egun horren errepika ginuen Jatsun aitzineko igandekoa, usaiako horren idurikoa, salburik lerroan eta jarlekuak tinkixago zituztela horgo sei-zazpi ehun beilariek beren bi apezpikuekin (Mgr Moleres Baionakoa eta Beñat Housset Montalbanekoa, hau gure garaztarra). Hirugarren apezpikua, R. Etchegaray kardinalea hartua izanez. Aldiz aldarea betetzen zuten hogei bat apezek eta ere, heieri hurbil, ongi etorria egin diguten gazte haiek.
Kantuak eder eta ozen joan dira Garaziko parropian kantari heiekin eta, guziz, jende hura guzia gogotik ari, garaztar, beste baxenabartar eta Lapurdi ta muga hegi horietako guziekin. Hor ohargarri ziren San Frantsesen kantu xaharrak eta berria. Euskarak zaukala leku guzia, erran gabea, arrotzen lagungarrizko erdal hitz bakarrak salbu, jaun apezpikuaren predikuan eta orotan. Nola ez, hori euskararen patroina ere dugularik San Frantses, bere lehen otoitzetarik haste euskaldun izan zena heriotzeraino ?
Beharrezko lagungarriak, entzungailu eta irratiak ere hor ziren, lekuko eta urrungoentzat, Jean Larrieu eta Maylis Monlong musikarien ardurapean. Eta hor ere, askok eskuan ereman duten Jatsuko sainduaren liburua, P. Narbaitz garaztarraren oroitzapen ederra.
Baina zer litake meza nausi ospetsuena ere herritarren elgar agurkatze beroak eta irri-zaflak gabe, arño baten inguruan hori guzia ? Bazuen hortako behar zena egina Beñat Aldacourrou Jatsuko jaun mera goxoak, eliza ondoko aterbe haren pean trago batentzat eraiki oihal-aterbearekin, denak aurki ziten, eliza barneko adiskide, ahaide, kantari, bertsulari (M. Xalbador eta Laka), hurbileko eta urrungoekin.
Hoiek hola, Euskaldun Fededun, ongi neurtuz erabiltzeko den hitza, ez nakike hola erraiten zen Frantsesen denboran, gisa guziz guk elgarri jostekoak ginauzkan igandean Jatsuko sainduarekin hor, eta ez ere behingotz galtzeko hitzak, agian !

Emile Larre apeza.


Xabier, bere nortasuna Jainkoa baitan kausitzen jakin zuen kristaua.

Haurride maiteak,

Irakurgai eta kantu hauek argitzen gaituzte Jainkoaz bai-ta ere gutaz.
Zer erran dauku egungo Ebanjelioak ? : Jaunaren ezagutzeko eta girixtino nortasuna kausitzeko, Jesusi jarraiki behar dela bidearen bururaino.
San Frantses Xabierekoa, egun Jatsuko eliza eder huntan ospatzen duguna, bururaino jarraiki zaio Jesusi.
Nola ote ?

1. Lehenik Xabiereko Frantses konbertitu bat da, osoki Jainkoari emana.
Xabiereko gazteluan sortua da, mila bost ehun eta seian, Nafarroako erreinuan ; Aitoren seme , bere aita Jatsuko Joanes bezala , eta bere ama Azpilkuetako Mari bezala. Hau Baztandarra eta bere haurrekin euskara ari dena. Haren haurreko urostasunak ez du irauten : Castillaren eta Nafarroaren arteko gerla pizten da; aita hiltzen da; nafartar gudari ziren anaiak hiltzerat kondenatuak dira, eta ihes egiten dute ; gaztelua suntsitua da . Bazterrak eztitzen direlarik, Frantses badoa Pariserat, hemeretzi urtetan, hango Unibertsitatean ikasketen egiteko.

- Bizitze mundutarra, ikasgura bai, bainan halahulakoa.

- Bizitze itxuraldatua, bera baino hamabost urte zaharragoa den ikasle bat kausitzen duelarik: gipuzkoar aitzindari ohia, Iruneako setioan Nafartarrek kolpatua, Jainkoarenganat konbertitua, Loiolako Inigo.

Heien arteko har-emanak nekeak izan ziren ; haatik emeki-emeki Inaziok bere eragina izan zuen Zorbonako doktore berriaren gainean. " Zertarako du gizonak mundu guziaren irabaztea, bere burua galtzen badu ?” dio errepikatzen Inaziok . Jesusen galde horrek, gezi baten gisa zilatzen du Frantsesen bihotza, eta behin betiko Jainkoaren alderat jartzen. Apez eta fraide izaiteko xedea hartzen du. Hortik aintzina, haren biziaren hautua bi erranaldi hautan dago : " Jainkoa aski zait " " Urrun joan Jainkoaren zerbitzatzeko " !

Huna beraz zertan den haren nortasuna : Jainkoa baitan sinetsi ; oinarritzat hartu Jainkoa eta Hari buruz joan xuxen ; Jesusen manamendueri funtsez jarraiki ! " Maita zazu zure Jainko jauna ; maita zazu hurko laguna zure burua bezala. (Mark 12, 30-31).

Antton txinatar gazteak, agonian lagunduko duen bakarrak, kondatzen du nola, bere sukarrean Frantsesek errepikatzen zuen : " Trinitate saindua, Aita, Seme eta Izpiritu Saindua” , " Hori zen haren debozione goxoena " erraiten zuen. Kasik bakarrik hil zen Frantses, mila bost ehun eta, berrogoita hamabiko abendoaren hiruan. Larunbatarekin, Santxian deitu ugarte tristean, haizeak inarrosten zuen lastozko etxola txar batean. Gero, oraino fidantzia gehiagorekin utzi zuen bere burua Jainko Trinitatearen eskuetan, ziola " Hoinbeste grazia egiten daukuzu Jauna ! "

Frères et Soeurs, François Xavier nous apprend à vivre le " Gloire au Père, au Fils et au Saint Esprit " et à trouver dans les trois personnes divines et leur unique amour, le fondement de notre Foi et de notre Espérance. Son Dieu est communion de trois personnes dans l'unité d'un même amour. Est-il aussi le nôtre ?
(Haurride maiteak, Xabiereko Frantsesek irakasten dauku nola bizi " Aintza Aitari, Semeari, eta Izpiritu Sainduari " hitzak eta Trinitateko hiru presunetan eta heien maitasun bakarrean kausitzen gure fedearen eta esperantzaren oinarria.. Haren Jainkoa, maitasun berean bat diren hiru presunak . Gurea ere ote da?)

*

2. Frantses Xabierekoak beste zerbait ere irakasten dauku : fraide iesuitak irakasten dauku nola Jesusen lagun izan.
Kristaua Kristorena da ; Kristo dauka lagun, gidari, buru eta bihotz. Kristorena izaiteak dio emaiten bataiatuari bere nortasuna.
Xabiereko gaztelurat joaitean, ez huts egin, sartu orduko, han den kurutzefika erro-maniko ederrari behatzea : mingarria bezain bakegarria. Arrats guziz, Xabieren amak, bere etxeko guziekin, Kristo horren aintzinean arrosarioa erraiten zuen, eta haurrari galdatzen
" Agur Mariaren " lehen partea erraitea. Horrek bizi guziko markatu bide zuen. Horri esker, Jesusek bezala nahiko dutbeti otoitz egin eta bizi.
Hola ekaitz aldietan, denak izituak zirelarik, otoitzean, eta horrek lasaitzen zituen, ziotela : " Aita Frantsesen eskuetan da untziaren gidaritza. "
Uste zuen Frantsesek , orduan ainitzek bezala, (eta hortan ez ziren xuxen ari ), bataiatu-gabeek ez zutela Jainkoa ikusiko ! Hain zuen funski hartzen Jesusek bere dizipulueri eman azken manua: " Zoazte eta egin herri guziak nere dizipulu ! " (Mt, 28,19)
Jatsuko eliza huntan, ikus-azue zuen aintzinean, ficus haren itxura : Jesusen laguna da, hitzik gabe ere mintzo da, Jesusen gurutzea gora altxatzen duela.
Harentzat, girixtino izaitea eta hortaz ahalgetzea, ezin asmatua da : behin, Indietan, brahmane jaun handi batek erran zion girixtino izan nabi zuela, bainan ixilean... Frantsesek ez zuen onartu ; harentzat, ixilka girixtino ? ez du horrek zentzurik.
Girixtino izaitea, Jesusen lagun izaitea da, eta Jesus maitearen araberan bizitzea, agerian. Hunela otoitz egiten zion Frantsesek : " Ene Jesus, gurutzean, zure bihotzaren gainean tink atxiki nauzu. Zergatik beraz, ez zu maita irabazirik bilatu gabe ? hola maite zaitut ; hola maitatuko zaitut ! "

Frères et Soeurs, aimons-nous le Christ à la manière de François-Xavier comme notre Sauveur, ou comme une statue ?
Avons-nous peur de vivre en chrétiens ou honte de le paraître ?
Note coeur est-il pour lui flamme d'amour ou bloc de glace ?
(Haurrideak, nola maite dugu Kristo? Gure Salbatzailea bezala ala itxura bat bezala? Beldur ote gira giristino gisa bizitzeaz, edo giristino agertzeaz ahalge? Gure bihotza Kristorentzat sutan ote da , ala arras izoztua ?)

*

3. Frantses Xabierek, misionest karismadunaren lekukotasuna emaiten dauku, Izpiritu Sainduaren indarrak itsas-zabalerat deramana.
San Inaziok, " Gogo jardunak "( Les exercices spirituels) deitua den liburu ttipi famatuan dio harentzat " konda dena, gauzen barnetik senditzea eta gozatzea dela " (Ex.2) Jainkoaz gozatze hori Izpiritu Sainduak emaiten du, bere indar, kontsolamendu eta bozkarioarekin,beldur eta herstura mota guzien kontra.

Hola, Xabiereko Frantsesek, India hegoaldeko ibilaldi zail baten ondotik, ez daki zer egin ... " Sao Tome " deitu San Tomas apostolua ohoratzen den aspaldiko beilatoki baterat badoa. Bere otoitzean Jaunari eskatzen dio argi dezan ; zer egin behar duen ? Indietan egon, ala urrunago joan Malaysiarat, Indonesiarat ? Idazten du : " Barnez osoki kontsolaturik, senditu dut eta konprenitu Jainkoak nahi zuela Malacca alderat joan nadin. " Geroztik, Jesusentzat, hameka urtez, ehun mila kilometra egin ditu.

Simun Rodriguez bere lagunari idatzi letran dio : " Ez dut beraz nehoren beldurrik, Jainkoarena baizik ; beste beldur guziak deusez dauzkat ".(L.78,2) Herstura guzien gatik, Izpiritu Sainduari obeditzearitleial dago ; Kristoren mezulari egiten daikultura eta leku guzietan. "

Ebanjelioaren ereiterat atrebitu " : hori zen haren xedea.

Et nous aujourd'hui, osons-nous semer l'Evangile là où nous sommes, y compris chez nous, ici, au Pays basque ? Sommes-nous des entraîneurs ou des chrétiens inertes ?,
(Eta gu, gaur, ebanjelioaren ereitera atrebitzen ote gira, giren lekuan eta hemen berean, Euskal Herrian? Entrenatzaileak ote gîra? Ala kristau bizigabeak?)

Haurride maiteak, horra beraz nolako girixtinoak izaitea galdatzen daukun San Frantses Xabiereko gure sainduak ; eta hori galdatzen dauku guzieri eta bakotxari, bizi giren lekuan.
Xabiereko Frantses zertan da beraz etsenplu guretzat ?
- Konbertitu bat delakotz, Jainkoaren amodioz suzko bihotza duena.
- Jesusen lagon bat delakotz, Elizari osoki emana.
- Misionest bat delakotz, Izpiritu Sainduak urrungo herrietarat eremana.
Hitz batez, bere nortasuna Kristo baitan kausitu duen girixtino bat ; iraun eta fruitu eman dezaken nortasun bakarra.

Nortasun hori, zergatik ez laiteke gurea ere izan ?

+ Pierre MOLERES


Argazkiak

Argazkiak Peio Ospital [email protected]